miércoles, 16 de marzo de 2011

Wavegarden, edo gezurretazko surfa

Telebista edo interneta bisitatzen duen orok (surflari izan edo ez), azken aldian izan du Aizarnazabal aldean sartu den itsasaldi baten berri. Itsaskirria ez da ordea Irlanda inguruan ibili ohi diren borrasketako iñork sortua, lagunok, gizakiak sortu eta saldu ditu oraingoan uhinak (oraingoz saldu hobeto, sortu baino).

Aspalditk zebilen inguruotan, olatu artifizial bat egiten ari zirenaren zurrumurrua. Batzuk zioten Getarian frogatua zutela “pitxipro*” batzuekin, beste batzuk sorbalda ingurura gerturatzen zen garaierako olatua zela, … Zalantzak baztertuz (edo gehituz), orain gutxi aurkeztu zuten proiektua komunikabideetan, eta nire iritziz, egin duten marketing-aren kalitateak mila buelta eman dizkio sortutako olatuari. Publizitate ona, produktu kaxkarra. Publizitate landua, produktu oso landua, baina nire ustez, agintzen dituzten espektatiba potoloentzako ez nahikoa.

Egin dutenen hitzetan, aurkeztu dutena maketa bat da soilik, egin dezaketenarekin konparatuta, hutsa. Irudietan olatu perfektua ageri da, baina txikia, teknikoa eta indar gehiegirik gabea. Surflari onak ikus ditzakegu aurkezpen bideoan gora eta behera, baina hauek etxeko bainuointzian ere surf egingo luketeela jakinda, olatutxo horrek surflari arruntarentzat interes gutxi duelakoan nago. Gainera, egin duten marketing ona euren aurka joan daitekeela pentsatzen dut, kristoren produktua saldu ostean, olatu “txustarrero” hori erakutsita, sentsazio kaxkarrarekin geratzen baita bat.

500.000 euroko dirulaguntza jaso du proiektuak. Turismoa bultzatzen lagunduko omen du olatutxoak, eta lanpostuak sortu. Egun bizitzen ari garen ekonomi egoera grisarekin, 500.000 euro horiek inbertitzeko aukera hobeak daudelakoan nago, ... baina beno, hori beste kontu bat da.

Optimismoa bizkarrean hartuta, 500.000 euro horiek egunen batean olatu itxurazkoago bat egiten lagunduko dutenaren ideia datorkit burura, baina aldi berean beste galdera bat ere sortzeen zait: zertarako olatu artifizial bat???

Niretzat, surfa berezia egiten duena horixe da, ez dagoela beti hor. Lanegun estresatuaren ostean, hondartzara joan zaitezke korrika, azken orduko saiotxo batean pentsatzen, baina bertara iritsi eta olaturik ez dagoela ohartzean amorratuko zara. Baina hurrengo saiakeran ez bada, hurrengoan izango da, eta iristean, izugarri gozatuko duzu irristaldi hori. Horrek egiten du berezia, bestela frontoi edo igerilekura joatea bezalaxe izango litzateke.

Askok diote olatu artifizial horrekin egunero surf egiteko aukera izango dutela, eta bizkarkako bira erradikalak hobetzeko aparteko lekua litzatekeela, eta negu luzean argi batzuekin jarduteko ere bai…

Oso osorik zuentzat lagunok, nik behintzat nahiago dut eta olaturik ez dagoen egunetan lehorreko beste milla konturekin gozatzen jardun.

Izan ondo!

* Pitxipro: euskal surflari onenei deitzeko, surflari arruntok erabiltzen dugun hitza.

Terry Fitzgerald

Albert Falzon-ek idatzia.

Terry-k lantoki txiki bat zuen Brookvalen. Beno, ez zen lantoki bat, erdi erorian zegoen etxetxo bat zen, kanpokaldean komun bat zuena. Gauza oso penagarria, egia esan. Zelai erdian topa zenezakeen etxola baten antza handiagoa zuen, Sydney hiriko kanpokaldean kokatutako erresidentzia batena baino. Garai hartan ordea, horixe zen bizimo du “soul”-a edo askeari gerturatzeko izan zenezakeen aukera bakarrenetako bat, hiritik irten gabe.

North Narrabeneko olatueta pasa zituen Terryk bere hastapenetako garaiak, eta udan iparreko itsasaldi handiak sartzen zirenean, bera beti uretan zegoen, olatuen garaierak axola gabe. Zerbait handia egitera zihoala zirudien surfean hasi zen unetik, estilo apartarekin jarduten baitzen olatu australiar haietan gora eta behera.

Surferako lekuak bilatu behar zirenean, bera beti prest agertzen zen. Sarri, kostan zehar bidaiatzen genuen neguko hiletan, New South Wales eta Queensland-eko olatu luzeetan aritzeko. Eta etortzen ez zenean, lehenagotik bertaratu zelako izan ohi zen. Azkar mugitzen zen, lehorrean eta uretan. Beharbada, garai hartako surflaririk azkarrena zen. Izugarrizko gaitasuna zuen edozein oholi ahalik eta abiadura handiena ateratzeko, eta gero oholgile bezala hasi zenean, bere taulek tximistak ziruditen olatu gainean. Horrexegatik deitu zioten Abiaduraren Erregea. Nik garai hartan bezala, hura olatu gainean ikusteko aukera izan bazenu, ados egongo zinateke goitizen horrekin, bai horixe.

Hawaii-en, Iparraldeko kostan hura ikustea ikuskizun itzela zen, bere gorputz indartsuak eta bere buruarekiko zuen konfidantzak surf izugarri ederra egitera bultzatzen baitzuten. Olatu arrisktsu haietan, ahaleginik gabe bezala irristatzen zen, zerbait berezkoa edo naturala irteten zitzaion, horretarako jaioa zirudien.

Rocky-ko eskuientan jendea aho zabalik utzi zuen behin baino gehiagotan, eta Kirra zein Sunset Beach-eko olatuetan, azkarrena bera zen garai haietan.

Surfaren historian sartuak daude jada Jeffrey´s Bay-ko (Hego Afrika) eskuin olatu luzeetan izan zituen irristaldi apartak, eta  gerora ere, askotan itzulia da Terry olatu horietara. Bere espezialitatea horma luze eta azkarrak izan ohi zirenez, Kirra eta J-Bay bezalako olatuetan ez zuen parekorik.

Fitzgerald jauna surfean ikustea, pilotu bat autoa abiadurarik altuenean  jartzen ikustea bezala zen. Horixe da dagoena. Lagunok, ez dut uste Fitzy baino askoz ere urrutiago iritsiko zinetenik.

“Glide” aldizkaritik itzulitako testua.  



Take Off, edo olatua hastera goaz

Hutsunea, edo falta. Euskararen presentzia eza antzeman dut nire egunerokotasunean zatitxo bat izan ohi duen zerbaitean, eta horrek ixkina honetatik hutsune hori hitzez betetzera bultzatu nau.

Surfaren munduari inguruotan gazteleraren kiratsa eta ingelesaren usaina dariola aspalditik, gauza jakina da. Euskaraz gauzatxo batzuk egin diren arren, gehiena erdaraz publikatu da, bai sarean eta baita paperean ere. Ez da izango ez, gure hondartzetan surfean aritzen den jendea falta delako!!!

Sareko koadernotxo honetatik, saiatuko naiz gustuko ditudan kontuen inguruan euskaraz jarduten, batzuetan tarteka, eta tarteka, ea maiz den.

Ondo bizi!